sábado, 27 de febrero de 2010

Euskal abestiak

133 euskal abestiren letra eta doinuak aurki ditzakezue hemen. Sarritan, abestien zatitxo bat baino ez dugu ezagutzen. Hona hemen beraz, abestiak euren osotasunean ikasteko aukera. Klika ezazu sarreraren tituluan.

sábado, 20 de febrero de 2010

Benito Lertxundi

Benito Lertxundi oriotarraren familian ez zegoen musikaririk. Artisautzakoak izan ziren bere lehen lanak eta 19 urterekin, laud bat esku artean, musikarenganako zaletasuna pizten hasi zitzaion. Ez Dok Amairu mugimenduarekin lehen uratsak eman zituen. 1971n bere lehen diskoa kaleratu zuen eta ordutik aurrera... herritarronak bihurtu ditu bere hainbat kantu.
Hemen duzue Benito Lertxundiren web orria, berari buruzkoen berri izateko. Benetan interesgarri eta aberatsa.

sábado, 30 de enero de 2010

Gure herri musikan guztiz errotua...

Herri musikaz ari garela, ezin utzi gure kulturan guztiz errotua dagoen talde bati buruzkoak esan gabe. Nork ez du ezagutzen Euskal Herrian Oskorri taldea? noranahi goazela, han aurkituko dugu hogeitamabost urte baino gehiagoko talde honen zantzuren bat. Soinu berriez betea baina musika tradizionalean oinarritua eta gaurkotasunik galdu gabe. Hori da talde famatu honetako 7 partaideek euren diska eta kontzertuetan erakusten digutena.
Klika ezazu sarrera honetako tituluan eta ezagutu itzazu Oskorriren nondik-norakoak.

sábado, 23 de enero de 2010

Herri baten nortasuna

Herri musikan ageri diren ekintza guztietatik, bakar batzuk besterik ez dira kale-agerraldi bezala eman mendeetan zehar. Horietako bat aratustea da, Mundakan nortasun handiko herri-adierazpena. Mundakako atorrak estudiantina moduan hasi ziren aspaldiko garai batean, kalez-kale abestiak kantatuz. Egun ere jarraitzen dute. Heltzear daude aurton ere, otsailaren 14ko eguerdian agertuko zaizkigu giro aparta ekarriaz. Beraz, beste planik ez baduzua, hurbil zaitezte Mundakara, zuriz jantzitako gizon hauen herri kantuez gozatzera.

sábado, 16 de enero de 2010

Ez Dok Amairu


Aurreko sarreran Ez dok Amairu kantagintza berriaren bultzatzaile izan zela esan dizuet. Hala da, bai. 1965eko udazkenetik 1972ko udaberrirarte aritu zen abangoardiako talde artistikoa da. Bere helburu nagusia espresio artistiko bide berriak sortzea zen, bereziki euskal kantu berriak.

Kantu zaharrak berreskuratzea, kanta berriak zabaltzea eta tradizioa ezagutaraztea ziren bi hitzetan esanda, Ez Dok Amairuren jardunaren helbururik nagusiena. Kantagintza berria sortu nahi zuten, beti ere tradizioarekin uztartuaz, edo tradizioa kontuan hartuaz.

Hemen bada, Ez Dok Amairu taldearen nondik norakoak.

martes, 12 de enero de 2010

Oskarbi

Gabonak joan zaizkigu. Hala ere, eguberri kanten diska eder bat aurkeztuko dizuet orain. Oskarbi taldearen Olentzero diskoa hain zuzen ere. Oskarbi taldea 1966ko abenduan jaio zen, eguberri kantak abestuz. Iaz, berriro ere agertu zen eta azaroan Olentzero diskoa atzera kaleratu zuen. Diskoa bermasterizatu eta gaurkotzeaz gain, beste bost kanta gehitu dizkiote: "Olentzero", "Joxepe eta Maria", "Kanta ezagun guztiek", "Eguberrien jitiaz" eta "Haur txiki polit bat".
Eguberritan, etxeko lasaitasun eta berotasunean gustura entzuteko disko aparta da hau. Baina diskoaz aparte, Oskarbi taldearen ibilbidea ezagutzeko aukera eskaintzen dizut hemen.

Euskal kantagintza berriaren aitzindariak

Ez Dok Amairu taldea Euskal kantagintza berriaren bultzatzaile izan zen. Izan ere, beste batzuk izan ziren euskal kantagintza berrian hasierako pausuak eman zituztenak: Nemesio Etxaniz, Soroak eta Ainarak eta Mixel Labeguerie.

Kantagintza berriak tradiziozko kanten nortasun kulturala indartzeaz gain, tradizioko errepertorioaren berriztapena ere egiten du, kantak garaian garaiko gustuetara moldatuz. Beraz, Euskal kantagintza Berria modernitatea eta tradizioa bateratuz sortutako mugimendua da.